Hitzak
Nora
Goizeko zortzi-zortzitan,
hogeita hamazazpigarren
urte barrenetan…
Nola dan ere hila?
A, bai: urrila.
Atea tin-tan joaz nere bila
sekulako gizon pila.
Eskuak lotuaz naramakite.
Nora? Berak dakite.
Leize zulora? Esan liteke.
Ez nuan inon gaitzikan egin
bi lur zapaldu, bitan berdin
beldurra apaldu nere atsegin
bekatuaren beldurderin
tiroaren suan erdin
guda usainak berak min
mendiak alkarri hots egin:
“Gaur sartuko gaituk, baldin
badago behintzat zeru urdin
kainoi, fusil ta hegazkin”.
Gora begira, hoien azpin,
alemanaren bihotz gordin
probatuak gera ludin
etsai gaizto eta sorgin.
Mende erori ez nendin
askotan atzera arin:
beste gaitzikan ez det egin.
Gudan gudari ibili nintzan
Gudan gudari ibili nintzan hamabi hilabete buru,
mendi batzutan arrisku haunditan, bestetan ere ez seguru.
Ezertarako gogorik gabe, gorputzetik erdi lelu
malkarran behera atzera korri, aurrera egiten ez degu
eta azkenean atxiloturik ikusi behar geren buru.
Gure gizaldi gizatxar hontan gertatu zait ezagutzia
anaia batek bestean aurka eskun iskiluk hartzia.
Etxe batean hau da erabat familia hondatzia
alde batetik seme bat galdu, bestetik hiru Frantzi’a
ez da ederra izango hoien guraso gaixon trantzia.
Gerra, gerraurre eta ondorena askozaz ez da hobia,
atera nahi det eduki detena orain artean gordia:
aberats askok lur jo dutela, errukigarri pobria,
madarikatzen lana eginda beltza eta gutxi ogia,
hoinbeste alfer biziko bada guk egin behar ordia.
Lurtarrak, entzun: gure izateak ez du batere balio
kale gorrian ez dago lurrik, ez ikuilu eta ez mandio
irin ta haragi, potaje eta arrautz, gainera falta olio
ardi ilerik ez da bilatzen, koltxoi askotan goldio.
Hori da gerra, ta gerrak beste askori on egin dio.
Aitaren askok egiten dute nork ikusiko ote ditun
baina zergatik egiten duten esan behar det segitun:
onak dirala adierazi nahi jarrera jarririk itun,
kalean erdin penak kontatzen ta lapurretan izkutun
zenbatainoko gizonak diran aspaldi ezagutu nitun.
Tolosan jaio nintzala dira hogei eta bi urteak,
sasoi hontara ondo iritsi, aurrera egun tristeak.
Hoinbeste urten ez nau alperrik zaindu amatxo maiteak
pozik ikusiko nukenean itxita dauzkat ateak
gerra bukatu egin da baina ez dira egin bakeak
Ta Tximela kantari
Hemen sartu gaituzte bultzazo batean
ura ere ukatzen diguten lurrean.
Gizona galdutzeko leku txarrenean
gaiztoak kanpoan da onak barrenean
horrelako pagua degu azkenean.
Gaur anai asko ditut daudela ikusten
ordua etorri zain noiz hilko dituzten.
Luzaroko bizirik apenas daukaten
neri ere auskalo zer egingo nauten.
Berriro sartu zaigu espetxean guda
Tximelak abesten du arrazoia dula.
Aitzaki eta maitzaki milaka zulora
herriak porrokatu, ez dio ardura…
Hortarako etorri al ginan mundura?
Hau dana ikusita ezin hartu arnas
Jesukristo hil zan ta bizi da Satanas.
Alemana berekin, Italia mugaz
moroak Francorekin txit danak batuaz
ta Tximela kantari kristonak hartuaz.
Harri gainean lotan
Zenbat metroko lekuk dauden barrenean
beldurtu naiz neurriak hartu ditutenean:
hiru eskas luzean ta bi zabalean
behetik gora bi terdi daduzka danean
ta lotako sei lagun gaude gehienean.
Egurrezko atea txapez forratuta
azkazalekin dago dana urratuta.
Erdi-erdin txulo bat dauka zulatuta
kanpora begiratzeko idea sortuta
barrengoak nahikoa gaude izorratuta.
Koltxoirikan ez daukat, manta bat bakarrik
harri gainean lotan ikusten ditut gorrik.
Altzairuaren gisa dauzkat bizkar gorrik
ta gau erdi baino lehen ezin hartu lorik
goizaldera egunero esnatzen nau zorrik.
Horra gela batean sei lagun Dueson
hiru donostiar ta hiru tolosar on.
Atzo bi joan ziran, premia bazegon
halaz guztiz beste lau lasa ezin egon
nik beste inork ez daki hemen nola nagon.
Tximutxa kilimaka
Ez iturrik, ez zimaurlekurik
katre zahar zikin bat bakarrik.
Hiru metrotxo luzean
ta bi zabalean
gosea galanki nere sabelean.
Atea, zabalik baino itxita gehiotan
burni ziriak leihotan.
Bost lagun gaude gela hontan
alkarri bultzaka lotan
pozik gaudenean hontan.
Zorriak barra-barra kolkoan gau guzin
gorputz guztia daukat egosi-egosin.
Inork ez ditu hartzen hoiek hemen grazin
eltxoa eta elbia, gainera arkakosin
tximutxa kilimaka eta lo egin ezin.
Elurte haundiz gain iharretan negarrez dauden piztiak!
Pena ematen du horrelaxe txoritxoak ikustiak!
Noiz lurmenduko zain jarrita ere zer piualdi tristiak!
Era berean arkitzen gera itxita gauden guztiak…
Bakar nago
Gaur bakar-bakarrik nago gelan,
ez jan ta ez edan,
ez dakit zer ikusiko dedan.
Ezpainean errekina
palmeraren hosto iharrez egina.
Kea atera asko
eztarri bera mina
nere buruari “asto”
esanaz…
Hontatik balitxok dina!
Ilunpe hontan itun,
baina beti tintun
zer etorriko zai
ez nago lasai.
Lagunak auzira
dar-dar joan dira,
itxaropenez arlote.
Zerbait gerta ote?
Auskalo!
Gaur nahiz izan Lazaro,
nork egin lasa lo?
Etortzen ez badira agudo
Andoni eta Patxiko
nik zer egin gero?
Azkar ta bero
ez banaiz ero
gelari zulo
egin goizero
alde egiteko
handikan gero.
Ateak ez balituzteke itxiko
bakarrik ere nuke etsiko.
Baina kaiol txar hau
hain dago itxirik
eta dana ixilik…
Bakar nago
oso bakarti
beti beldurti.
Non hago, Andoni?
Non haiz, Patxiko?
Ez natxok ondo ni:
zuentzako bada odoldi
neretzako malko aldi…
Elurte haundiz piztiak
daduzkaten piualdi tristiak
nik zeuzkat hoiek guztiak
zuengatik, lagun maitiak.
Oraindik ere bizi naizela
Hastera niak kantari pasadizoa kontari
mundu honetan gertatu zaidak hamaika komeri.
Baina ez zaidak komeni hor esatea inori
alkartu arte bertso hoik gorde, adiskide Andoni.
Inguruko baztar guzik anai odolez igurtzik
gezurra dala esaten baditek bizkarren jo itzik.
Hik ez hartu hoien gaitzik, lehengo bideak jarraitzik
baldin txapela aldatu badek ez dadukak lotsik.
Hiregandikan aparte nagola ia bi urte
oraintxe ere alkarren berri ez zekiau batere.
Nik hemen eskutan kate, ondo lotuta hankak ere
hi honezkero jarriko hintzan Tolosan alkate.
Emango diat aditzera prisionero naizela,
hiltzen banaute ondorengoak kanta dezatela.
Herioztarren antzera sartu natxotek kartzela,
garai batean Iparragirre Tolosan bezela.
Hatza zeukat behatzetan, zorriak berriz galtzetan
hau nerekin adina ez dek saiatzen zozoa mahatsetan.
Gau erdian ametsetan, goizaldera tximutxetan
beste gauzarik ez dek arkitzen horlako etxetan.
Hiretzat ez badu garrantzik, orain eskatuko ditzit
alkandora eta bi musu-zapi, ahal badek, bialtzik.
Ez zeukat neronen galtzik, soinekoak bestek utzik
puzkar-butroia pare bat eta hoiek ere hautsik.
Hanketan zeuzkat gauz finak: egurrezko espartzinak
kristal puskakin eskuz neronek pazientzin eginak
paperezko kaltzetinak, kolorez zuri-urdinak
eskerrak nere hankik ez dula ikusten euriak.
Ahal dekena bidal zak hik, ez behintzat jarri aitzekik,
oinetatik zer sufritzen dedan inork ere ez zekik.
Orduak dituk luzetik, egunak berriz gosetik,
hamaika negar gaur hiregana baziak Duesotik.
Lur hori zapal nahi nikek, zer gogo dedan bahekikek!
Joango nauk berriz ez banau hiltzen balak edo gripek.
Hire lagun aberkidek hau ere desio likek:
oraindik ere bizi naizela, galdetzen baditek.
Lehenago aman onduan ezeren faltik ez nuan
bertsoak jartzen bururik ez nun nekatzen orduan.
Orain mixeri osoan, salda beroa auzuan
gose-negarra beste gauzarik ez dago Duesuan.
Txerri goseak ezkur amets
Goiza: aitaren egiteko badet ohitza.
Zortzik: ez det zikindu hortzik.
Hamarrak: nere triparen marmarrak.
Hamaikak: pikotara joan ziran lehengo maukak.
Hamabiak: platerean bi begiak.
Bazkalondo: ez didazu eman ta ez nago ondo.
Ordubi terdik: siesta ezin egin nik.
Arratsalde: aspaldian meriendarik gabe.
Ilunabarra: plater bat bakarra.
Gaua: gose-logalez zabalik ahua.
Gauerdi: ezin egin loaldi.
Goizaldera: orduan galdera.
Argi-ezkilak: honela nola indartu, mutilak?
Ama, zutik
Hemen ez da entzuten hosto baten txintik
etorkizun iluna datorkit itxitik.
Ama, nik dakit nola nagon zuregatik
gaur edo bihar zaitut ikusi nahi zutik.
Arkitzen da bakarrik, nonahi dula mina
lau pareten artean zure seme fina
hiltzerik nahi ez baina hau bizi ezina!
Preso egon beharra ez da atsegina.
Atzo egun txarra zan, neguko sarrera
nere laguna tiroz hil zuten gainera.
Zergatik hiltzen naute? egin zun galdera.
Orain hil arren gero ikusiko gera.
Pizti bezela naukate
Jaunak lagundu gaitzala
bake on bat egin dezala
bestela behintzat bazetorkidak
betiko itzala.
Jenioz natxok zitala
soinean zorri kintala
borrokan berriz ibilia dek
nerekin fiskala.
Jueza ere hementxe nian
fiskalan aldamenian;
hala ere ez nauk hasarre
hontan utzi nautenian.
San Migel inularrian
situazio txarrian
nik zekit zenbat gauz pasatu zan
nere barrenian.
Geroztik beti elurte
pizti bezela naukate
preso betiko ni edukitzeko
asmoa daukate.
Bizi guziko giltzape
penagarria litzake
gehiago San Blas ikusi gabe
hilko banintzake.
Jueza eta ni
Juezarengana deitu egin naute neri:
Francokin pozik nagon, erantzuna sarri.
Esan edo ez esan egon naiz juezari
Txinan hobea dala ibili gudari.
Han pasako nituzke sei urte gutxinaz
hala ere ez nintzake aspertuko Txinaz.
Hemen inolaz ezin bizitza eginaz
nabil, ta komeni zait aldatzea klimaz.
Txinako gudariak hau balekiteke
neri pozik musika joko lidateke.
Hiru izarrekin hemen kapitan rekete
izan baino nahigo det Txinan mikelete.
Juezaren aurrez aurre aulkin naiz eseri
galdera txar batekin bihotza dit eri:
ea zeinek erre zun Gernikako herri:
atzo berak zekina gaur galdezka neri.
Jauna, nik ez det horren grina txarrik izan
Oitzen nengoala Gernika erre zan
hori ez zan erreko, horra garbi esan
Alemani honuntza etorri ez bazan.
Hau da beste galdera: inor hil al dezu?
Nik ez det inor hil ta ez ere eman su
herioztar bezela hartutzen al nazu?
Hau erabakitzeko inor ez zera zu.
Atzaparrakin heldu dit juezak lepotik
hala ere ni ez naiz atera lehengotik
bi orduan egin dit galdera gogotik
ez dakit nola ez dedan saltatu leihotik.
Alemana goitikan, Italia lurrez
ta moroak tartean gorroto gogorrez.
Zuregana ni ez naiz etorri gezurrez
hoiek egik dirala sinista zazu, juez.
Juizioko egunean mahaiean fiskala
ez dakit zergatikan zegoen zitala
jakin berria zuan kapitan nintzala
berehala bota zidan betiko itzala.
Egun iluna dator
Aitaren egin zerbait esan baneike-ta
sartzera noa oso mintzaldi tristeta
ez dedin galdu gure goxodun hizketa
iriki nahi det itxita dagon krisketa
jakin dezan jendeak nere ibilketa.
Gudaren aurretikan Tolosan nenguan
beste bost senidekin amaren onduan.
Lehenengo tiruekin alde egin genduan
hiru urte barru ile zuria buruan
horra disgustu txarrak zer ekartzen duan.
Anai bat gerran hil ta bestea elbarritu
Baionara joan eta zauriak berritu
amatxo Bartzelonan, ni preso arkitu.
Bihotzikan ezin det inolaz alaitu
nahiago nuke haien berriak banitu.
Bartzelonara joan zan gerraren ihesi
Bilbao ta Santander zapalduz lehenbizi.
Hiru urte hontan ez nau gaixoak ikusi
nere gisa hura lasa ezin leike bizi
ez zituan semeak alferrikan hazi.
Egun iluna dator ta gaua zekena
ai, hauxe da tristura etortzen zaitena!
Tribunalak bota nau betiko itzalpena
ezertxo ere egin gabe hau ez al da pena?
Baldin ez ahal da izango hemen nere azkena!
Guretzat zer dator?
Kaixo motel, zertan haiz?
Bizi goseak, nahiz
ta berri txarra maiz.
Hala ere hontan bizi naiz.
Zer diote herrin?
Danak pistola gerrin
jende atzetik leher in
ta guk ezin ezer egin.
Gaur goizekoa
egia al da, aizak?
Nik esan bezela
zer nolako gaitzak
izan diran
esango dik apaizak.
Agidanean
Markiegi ta Azkue?
Bai, ez natxiok ahaztue
oroitzen nauk asko
hoiek hil diralako
norbaitek dik botako
gaur nahiko malko.
Guretzako zer dator?
Laster ikusiko dek hor
baldin bahaiz hor:
nahiz ez erori pekatun gogor
jaio ginanak hiltzea zor.
Gudaldiak probatu, gainera kartzela
Hau da kaiol itxiko nere gertaera
ta oraindik hogeita hiru urtez nago behera.
Gauz asko ikusirik gaztea naizela
gudaldiak probatu, gainera kartzela
orain hementxe nago txoriak bezela.
Hasiera izan nun oso leku goitan
Naparroako mugan, harkaitz bizi hoitan.
Udaran lehorrik ez, negun beti lohitan
Gipuzkoako zelai, baso eta menditan
hemen asko ez zala gero Bizkaikotan.
Bizkaieraz ikasiz hamar hilabete
Gorbean ta Oitzen egin nitun bete.
Gudaldi haundietan harturikan parte
inoiz jan da lotako ezin hartu tarte
nahiko tiro tira nun Santander jo arte.
Alkarrentzako dago gorroto bizia
odola isuri gabe hau ezin bizia!
Nola gorri ala berdin jotzen det zuria
hoiek dauden artean, ai, Euskal Herria
berriz ere izango da zuretzat luizia.
Inork nahi ez dun etxea
Dueso
nola ez bainauzun ondo jaso
nere ordez besteren batek
maiteko zaitu akaso.
Honuntz datorrenak txar pauso
hanka sar zuloan ta gora beso.
hesi eta lazo, zu ilun baso
daduzkazu ehundaka gaixo
zutzat nago hasarre oso.
Izan ta zera ta izango zera
inork nahi ez dun etxia.
Ai, Dueso gaizto
oraingoz asko
zure izena jetxi da.
Biok alkar hartzia
ezetz nago etsia.
Maitasunikan bildu ez
hementxe nago noiz lepotikan
helduko nauzun beldurrez.
Gau
inork nahi ez hau.
Ateak itxirik
danok ixilik
egon arren esna.
Nere barrena oso lasa ez da
betiko bada kezka.
Hau demontrezko festa!
Hara, bat-batera, norbait atera.
Errezelua.
Gaur ere pikota joan da nere lua.
Aizak, Andoni: bi dituk.
Bai. Hor zeudek geldituk,
ta gu iletaino bildurtuk.
Ixo, ixo! Giltzaren soinu!
Hau dek lana! Alkarri kinu.
Ai hau bizitza iluna
Ai hau bizitza iluna
gerrak ekarri diguna!
Negar ta negar dago
nere bihotz biguna.
Ondo hala ere egia
zaharren esanak dira:
orain ez baino gerora
txartuko dala jendia.
Hortaino dago jarria
gizon alkar hasarria
zenbaitek berez dakarrelako
horlako barren erria.
Eguntxintan ezagutu det hau:
tiroz hilak dira hamalau.
Berri honek dar-dar utzi nau
beldurrak noiz etorriko gau.
Lo egiteko gibela behar du!
Dinbidi-danba ate soinua
bere giltzakin guardian ñañua,
beldurra sartzen joaz kainua.
Honek jartzen dit dantzan barrua
esan ere badet: Hau da mundua!
Neretzat dago beti lainua!
Honetxek digu danoi egiten
kaltea edo dañua.
Ez zaitut maite
Agurra ukatzen dizut bihotzetik, Dueso
zaindu nauzulako zuk oso gaizki preso.
Zure itzalpean ni urte bete oso
egun bat ez det pasa ez ordu bat gozo.
Goizeko bostak dira, datorkit ordua
begirik itxi gabe galdurikan lua.
Etxeaz aldatzera Cadizera nua
hura ere zu bezela, ote infernua?
Gizon asko hil dezu, hori dakit ongi
testigu naizelako, guzia da egi.
Goiz batean hamalau, oso ezagun bi:
Azkue jauna eta bestea Markiegi.
Agur, Dueso, ez ahal naiz berriz etorriko baldinbait ere!
Urte betean hemen bizitu naiz, baina ez zaitut maite.
Santa Mariko Puerto aldera hemendik naramakite
gerra dabil ta hara orduko hiltzea ere baliteke.
Nere etxean ai zer negarrak berri hau balekiteke!
Baldin eskutan izan bagendu
Pazientzi pixkat hartu behar det bertso berriak jartzeko
apika lan hau izan liteke nere burua galtzeko.
Honela ere gertatu arren pronto jarri naiz hiltzeko
alde batera badet gogoa zerutarrakin biltzeko.
Gezur ta abar gauzak eginda, nahiz konfesatu astero
alferrikan da Jaunan aurrean belaunikatzea gero.
Beste gauzikan ezingo degu gaur hoiengandik espero
konformatutzen diranak dira gutako bat hil ezkero.
Anai arteko guda gogor hau sortutzea nork du kulpa?
Bakean geunden gu baina berak altxa ziran: ezin uka.
Etorri ziran moro eta guzti euskaltarretara muturka
haiek zer egin zuten oraindik bihotzean daukat pupa.
Gainera berriz aurka ginuzen aleman ta italiano
naparrak ziran txit jo zutenak Gipuzkoara lehenengo.
Espainarrakin batera danak Bizkaia aldera gero
lurrez ezin ta goitik apurtu Gernika eta Durango.
Gure herrian gauza berriak nolaz dabiltzan ikasten
Vatikanoko Aita Jaun harek zergatik ez du galazten?
Aleman hoiek hegazkinakin Gernika erre ziguten
errezaleak gerok gerala munduan dabiltz esaten.
Nere ustetan ez gendun egin guk jokabide txarrikan
arma berririk ez geunkan eta ezin iritxi zaharrikan.
Besteak ehun mila paseak, gu ez ginaden erdikan
arma berdinez gure herrian ez da sartuko elbikan.
Musean ondo jokatu gendun kinu harturik laguna
begira zegonak garbi jakin zun itsua ez dala euskalduna.
Egokiera gure gain zegon galdu behar ez genduna
baldin eskutan izan bagendu txotaren ordez txalduna.
Hitzak: Luis Rezola Tximela kapitainak 1937an El Duesoko kartzelan idatzitako bertso zein poemak
JOSEBA TAPIA
ahotsa/gitarra
LUIS FERNANDEZ
biolontxeloa
JEXUX ARANBURU
organoa
JONAN ORDORIKA
soinu teknikaria
JUANBA BERASATEGI
azala eta kaiera
KEPA GONZALEZ
Joseba Tapiaren argazkiak
AGURTZANE AIZPURU
ekoizpena
Azkaraten grabatua eta bateratua 2013ko irailean
Mamia Estudioak masterra
Esker bero bat Ramon Rezolari
Bibliografia: Bakardadeko ametsak I. Auspoa, 1989